XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, halere, ez zegoen bi pertsonen aurpegietan inolako dramaren aztarnarik, misterio hark sorterazitako ezinegonik. Harridura bakarrik.

Argibide bakarra otu zitzaion Madameri: - Bazekien Kameliak ikusi egingo zenuela eta horregatik antolatu zizun komedia guzti hau.

Baina argibideak ez zuen asetzen emakumea.

Bazekien, Patricia Highsmith nobelagileari irakurria zion bezala, misterio haundienak ere elementu arruntez osaturik egoten direla.

Ganora gabeko gezur txiki batetik, traizio arrunt batetik sortzen direla historia beldurgarrienak.

Azkeneko hau Wim Wenders zinegileak esana.

John Wayne, ordea, ez zegoen Wim Wenders-en pelikuletarako.

Gutxiago Patricia ez-dakit-zer haren burutazioetarako.

Are gehiago: Nola egongo zen John Wayne Madameren buruan egosten ari zen saltsa hartarako, oraindik beste baten burutazioak irakurri ahal izateko tramankulurik asmatu ez denean?.

Lotsaturik zegoen John Wayne eta lotsa hura ez zion pelikula batek ezabatuko.

Sabela nahasia sentitzen zuen, goragaleka, gehiegi edan ondorengo aje erreminetan bezalaxe.

Eta goragale hura ez zion pentsamendu batek baretuko: - Jolasten aritu dira ama-alabak nirekin... Biena izan da errua.

- Nola esan duzu? - Biena izan dela errua. Harrapatuko banitu....

Madame Kontxexik salto egin zuen bi hanka mardulek lagatzen zioten neurriraino: pare bat zentimetro, baina, hori bai, pozez zoratzen emandako saltoa zen hura: (...).